Imanol Pradales Lehendakaria izan da EUNEIZ Unibertsitatearen 2024-2025 ikasturtearen inaugurazio-ekitaldian. Pradalesekin batera, Juan Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua eta Eva Egiguren Unibertsitateko errektorea izan dira Gasteizko Campusean egin den ekitaldiko buruak.

Bere hitzaldian, herrialde baten prestigioan kalitatezko unibertsitate-sistema izateak duen eragin handia gogorarazi du Imanol Pradalesek. Ildo horretan, azpimarratu duenez, "Euskadin ezagutzan sinesten eta inbertitzen dugu. Izan ere, badakigu herrialde aurreratuenek unibertsitate eta zientzia sistema aurreratuenak dituztela. Arlo honetan, Euskadi munduko erreferenteen artean kokatu nahi dugu, gure ahalmena eta tamaina kontutan izanik, baina erabateko anbizio eta autoexigentziarekin”.

"Ezagutzak ateak irekitzen dizkigu, aukerak eskaintzen dizkigu, askeago egiten gaitu"

Globalizazioaren, aldaketaren eta ziurgabetasunaren garai hauetan ezagutzak funtsezko zeregina duela nabarmendu du Lehendakariak. "Ezagutzak ateak irekitzen dizkigu, aukerak eskaintzen dizkigu, askeago egiten gaitu". Hala ere, "ezagutza aurreratua ez da berez sortzen. Eta hortxe estimatzen dugu zuen konpromisoa eta ekarpena. Unibertsitate sistema eta ikerketa-zentro onenak dagokien gizartean errotutako erakundeak dira", iritzi dio.

Pradalesek unibertsitateak goraipatu ditu, haren ustez, gizarte hobea lortzeko ezinbestekoak direlako. "Gure osasun-sistema, hezkuntza, kultura edo enpresa-sarea hobetzeko behar zaituztegu. Azken batean, gizarteak zuen beharra du gure ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko", esan du.