BBK Salak eta Tartean Teatroa konpainiak Non dira haurrak? izenburuko baterako ekoizpena estreinatuko dute Bilboko aretoan bertan larunbatean eta igandean, irailaren 28an eta 29an. Ondoren, urriaren 4an, 5ean eta 6an, gaztelaniazko bertsioa aurkeztuko dute.
BBK-ko arduradunek antzezlanaren aurkezpenean nabarmendu zuten BBK Salaren azken hiru urteetako seigarren ekoizpen propioa dela, "sorkuntza gune izatearen aldeko apustua" egin zutenetik, eta ez soilik erakusketa gune".
Gainera, "lurraldearekin dugun konpromisoari" eutsi nahi izan diotela adierazi zuen, "tokiko artisten talentuarekin". "BBKren laguntzari esker, mahai gainean jarriko dituzte egungo arazo sakonak. Izan ere, BBK Salan, artearen eta, oro har, kulturaren eta, bereziki, arte eszenikoen botere eraldatzailean sendo sinesten dugu", esan zuten.
Jokin Oregik idatzi eta zuzendu du Non dira haurrak?, eta gertaera tragiko eta gogor batetik abiatzen da (Maddi 8 urteko neskatoaren suizidio saiakera), helduen munduaren erretratu korala egiteko. Izan ere, antzezlaneko haurrak ez dira taula gainean agertzen, pertsonaiek interpelatu egiten dituzten arren.
Haurtzaroaren ez-agertze horrekin kontrajarrita, "gizarte apurtu, krudel, antsietate eta depresibo bat deskribatzen dugu, ezinbestean belaunaldi berriengan eragina duena", aurreratu zuen Oregik berak lanaren aurkezpenean.
Iraia Eliasek eta Sandra Ferrusek (euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan txandakatuz, hurrenez hurren), Getari Etxegaraik, Javier Barandiaranek, Iñigo Aranburuk, Ruth Guimerak eta Irene Zarrabeitiak osatzen dute antzelanaren aktore zerrenda, Maddiren amaren eta aitaren, psikologoaren eta gainerako helduen rolak eginez.