Gasteizko Duatloiaren laugarren edizioa jokatuko da urriaren 6an Arabakio hiriburuan, eta antolatzaileek 200 parte hartzaile bildu nahi dituzte. Gamarra parkea izango da probaren agertoki nagusia, eta udal instalazioetan egongo dira irteera eta helmuga, trantsizio eremua eta txikienentzako zirkuituak.

Duatloari buruzko xehetasunak aste honetan eman dituzte prentsaurrekoan Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol zinegotziak, Juanjo Rojo Arabako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko presidenteak eta Mikel Garcia La Blanca klubeko presidente eta lasterketaren antolatzaileak.

Gasteizko IV. Duatloia bi kategoriatan jokatuko da. Alde batetik, sprint distantzia federatuentzat izango da (5 kilometro korrika, 20 kilometro bizikletan eta 2,5 km korrika), eta Arabako Txapelketarako ere balioko du; bestetik, kategoria herrikoian super sprinteko distantzia egin beharko da (2,5 kilometro korrika, 13 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika).

Atletismoko zatia Gamarra parkearen barruan hasiko da eta Zumarren ibilbidean jarraituko du

Atletismoko zatia Gamarra parkearen barruan hasiko da eta Zumarren ibilbidean jarraituko du, 2,5 kilometro egin arte. Bizikleta gaineko zirkuitua, aldiz, Gamarrako belodromoan hasiko da eta Bergarako atea eta Eskalmendi zeharkatuko dituzte.

Parte hartu nahi dutenek urriaren 1era arte dute izena emateko aukera, lasterketaren webgunean. Izen-emateen prezioa 30 euro da federatuentzat, 15 euro kadete federatuentzat, eta 25 euro ez-federatuentzat.