Eusko Jaurlaritzak Elkarlan sarien hamargarren ediziorako deialdia egin du, balio publikoa sustatzen duten proiektu berritzaileak aitortzeko asmoz, eta dagoeneko aurkez daitezke osasun, ingurumen, garapen ekonomiko, ikaskuntza eta kultura, gizarte kohesio eta gobernantza, kultura demokratiko eta parte hartzearekin lotutako ekimen berritzaileak. Hilabeteko epea izango da proiektuak aurkezteko.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak jakinarazi duenez, Elkarlan sariek aurkeztutako proiektuen izaera berritzailea, eredugarritasuna eta pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea balioetsiko dituzte.
9.000na euroko lau sari emango dira, eta, prestazio ekonomikoaz gain, baloraziorik altuena jasotzen duten lau proiektuek kanpo aholkularitza jasoko dute. Hautaketa Batzordeak bere balorazioa egitez gain, herritarrek Irekia webgunearen bidez parte hartzeko eta proiektuak bozkatzeko aukera ere izango dute, gehienez ere lau proiektu aukeratu ahal izango dituzte.
Aurkeztutako proiektuak martxan edota garapen prozesu aurreratuan egon behar dira, eta lankidetzan oinarritutako partaidetza ikuspegia izan behar dute. Eskaera https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2024/elkarlan/web01-... web orrian egin daiteke, eta interesdunek hilabeteko epea dute.
Elkarlan sarien hamar edizioetara 267 proiektu aurkeztu dira, eta horietatik 28 saritu dira, besteak beste, Argia Fundazioaren 'Arte Komunitarioa', buruko gaixotasuna duten eta ez duten pertsonen kohesio soziala bultzatzeko, 'Euskarabentura Espedizioa', gazteen artean euskara eta kultura sustatzeko, edota Parkinson Bizkaia Elkarteak gaixotasunaren eraginpeko familien kolektiboari errehabilitazio terapiari jarraipena egiteko whatsapp talde bat sortzeko ekimena.