Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak 66 jarduera eskainiko ditu irailetik maiatzera bitartean Emakumeen Etxean zein hiriko beste leku batzuetan. Programazioaren baitan hitzaldiak, arte eszenikoak, literatura, zinema eta musika izango dira, eta historia izango da ildo nagusia. Jarduerotan izena emateko epea asteazkenean ireki da, irailaren 4an.

Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, "Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolaren hamalaugarren edizioko programazioaren gai nagusia historia izango da. Gure ustez, ez dugu historia ahaztu behar, hartaz ikasi baizik".

"Emakumeok isilduak, ikusezinak, aitortzarik gabeak izan gara mendeetan zehar, eta gure eskubideen alde borroka egin dugu, disidentziatik eta askotan bazterretik, eta genealogia luze baten hausberoak mantendu ditugu, bideak irekitzen jarraitzeko. Eraldaketa feministarako gaitasuna erakusten dute hausbero horiek, eta akuilu lana egiten dute suspertzea eta aurrerapen kolektiboak lortzen jarraitzea beharrezkoa denean", gaineratu du.

Ikasturte berriko lehenengo jarduera irailaren 26an izango da, Jesus Ibañez de Matauco antzokian, Bewis de la Rosak eskainiko duen kontzertuarekin. 'Amor más que nunca' izeneko diskoko abestiak aurkeztuko ditu bertan.

Ondoren, Susy Socken kontzertua (azaroak 15), Laura Vilaren Hermafroditas a caballo. O la rebelón del deseo antzezlana (azaroak 23), Iñurri elkartearen Tabuen kutxatik oholtzara musika saioa (urtarrilak 30), Lanku Kultur Zerbitzuen Itzal (iko) bagina antzezlana (martxoak 6), Creación Colectiva taldearen No Ni ná (martxoak 28), Isabel Cadenasek zuzendutako De eso sí se habla (maiatzak 8) eta Eddi Circaren kontzertua (maiatzak 28) ere izango dira.