Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa batek dio energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen % 47 ezkutatzen dute.

Goizeder Blanco ikertzailearen azterketa batek ondorioztatu du energia-enpresa handiek biodibertsitatean duten inpaktu negatiboa estaltzen dutela. Gertaera kaltegarrien ia erdiak ez dira aipatu ere egiten ezbeharrak eragin dituzten erakundeen jasangarritasun-txostenetan. Jazoeren %23 bakarrik informatzen da argi, eta, gainerakoan, irudia zuritzeko estrategiak darabiltzate.

UPV/EHUko Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeari, enpresa-jarduerari eta Ekonomia Zirkularrari buruzko ikerketa-taldearen lan batek azalarazi du txosten batean.

"Europako direktibek derrigortu egiten dituzte enpresa handiak ingurumenari eta bioaniztasunari lotutako dokumentuak argitaratzera, baina ez dago guztiz zehaztuta horietan azaldu beharreko informazioa. Norberak erabakitzen du zer alderdiri buruz hitz egin. Beraz, aske jokatzen dute eta euren irudia leuntzen dute", dio lanaren egileak.

Blancok dioenez, gehien erabiltzen duten teknika da alde onak eta ekintza positiboak azpimarratzea: "Adibidez, batzuek bioerregaiak ekoizteko olio-palmondoak landatzen dituzte inguru tropikaletan, bertako ekosistemak suntsituz. Aldiz, jasangarritasun-txostenetan hori leuntzeko atentzioa desbideratzen dute. Azpimarratzen dute beste lurralde batzuetan zuhaitz ugari landatu dituztela. Eta horrek ez du konpontzen enpresak palmondoekin eragindako deforestazioa, besteak beste kaltetutako tokitik oso urrun egiten dituztelako landaketak".