Urtero bezala, Plaza Berrian irakurri dute 2024ko Andre Maria Zuriaren Jaietako pregoia. Aurtengoan, Elisa Rueda poeta, irakasle, aktore eta Poetak Maiatzean Nazioarteko Jaialdiaren alma matera izan da pregoia irakurtzearen arduraduna.

Ohitura denez, Plazan zain zeuden ehunka pertsonen aurrean agertu aurretik, udaletxean harrera egin diote Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak eta Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak. Bertan, zorion-agurrak jaso ditu aurten gasteiztarrei jaiaz gozatzeko deia egitearen arduraduna izango delako eta, gainera, rol garrantzitsu hori bere gain hartu izanagatik eskerrak eman dizkiote.

Pregoiari hasiera emateko, Ruedak eskerrak eman ditu “munduko festa onenetarako deia egingo duen ahotsa izango delako”. “Une historikoa da niretzat; izan ere, duela urtebete Urrezko Zeledon saria eman zidaten Gorka Ortiz de Urbinarekin batera, eta huraxe izan zen Zeledon gisa Gorkaren agurra. Aurten, aldiz, ongietorria emango diot gure Zeledoni, Iñaki Kerejazuri”, jarraitu du.

Idazleak, gainera, deia egin du hirian bizi diren errealitate guztien aniztasunerako eta integraziorako: “esku bateko hatzak bezalakoak gara: denak desberdinak, ez dago bat bera ere sobera. Den-denok beharrezkoak gara, garrantzitsuak, bertan bizi diren pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten, bizitza betea bizitzeko, eta, jakina, jaiak direnak bezalakoak izan daitezen: paregabeak”.

Arlo pertsonalaz hizketan hasi aurretik, gerra guztien aurkako hitz batzuk bota nahi izan ditu, Israelen eta Palestinaren arteko gatazka aipatuz.

Egindako hitzaldi osoan agertu dira bere inguruekiko erreferentziak; izan ere, bere hitzetan, “jaiak familiarekin ospatzeko ere badira”. Hala, hainbat bizipen kontatu ditu. Txikitan, adibidez, gurasoek Plaza Berrira eramaten zuten Zeledonen jaitsiera ikustera. Bestalde, amak egindako eta oraindik alabak erabiltzen duen lehen neska jantzia aipatu ditu. Oroitzapen horiek gure arbasoengandik ikasteko deiarekin nahastu ditu: “Tradizioak dira arbasoek utzi diguten ondarea, eta gure seme-alabei transmititzeko pribilegioa dugu, gaur egungo uneetara egokituta”.