EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Lindy Lab ikerketa taldeak lehen aldiz aztertu du etiketatze linguistikoak haur autistengan duen eragina, eta ikerketaren emaitzek iradoki dute haur autistek ez dituztela kontzeptuak hizkuntzaren bidez barneratzen eta, beraz, zailtasunak izaten dituztela izen bera duten bi objektuk kategoria bat osatzen dutela ondorioztatzeko. Zentzu horretan, autismoa duten pertsonen garunean hizkuntzaren eta kontzeptuen arteko harremana ikertzen jarraitzeko beharra nabarmendu du ikerketa taldeak.

Agustin Vicente Ikerbasque irakasle eta Lindy Lab taldeko ikertzaileak azaldu duenez, "haur autistek ez dute espero bi objektuk, izena partekatzeagatik soilik, propietate komunak izatea edo objektu mota bera izatea; ez dute eskaintzen zaien hizkuntzaren bidez kategorizaziorik egiten".

"Biztanleria autistak zailtasunak baditu izen bera duten bi objektuk kategoria bat osatzen dutela ondorioztatzeko, joera izan dezakete beste haurren kontzeptuekin bat ez datozen kontzeptu propioak sortzeko, eta horrek, besteak beste, komunikatzeko zailtasunak ekar ditzake", gaineratu du.

Pertsona neurotipikoak, hau da, gizartean ohikoak diren portaera kognitibo eta komunikatibo estandarretara egokitzen diren pertsonak, sentikorrak dira haurtzaroan etiketatze linguistikoaren efektuarekiko.

Vicentek adibide bezala azaldu duenez, bi xurgagailu mota desberdin izanda, "haur neurotipikoei esanez gero 'Dyson' bat eta 'Roomba' bat biak xurgagailuak direla, gauza bera egitea esperoko dute, kasu honetan, xurgatzea; baina xurgagailuak direla esaten ez badiegu, eta bata 'Dyson' eta bestea 'Roomba' dela bakarrik esaten badiegu, agian ez dute esperoko 'Roomb'-ak ere xurgatu egingo duela".

"Hizkuntza etiketa bat esleitzean -izen bat-, lotura bat ezartzen da objektu horren propietateen eta esleitutako etiketaren artean", gaineratu du Sergio Parrillas EHUko Lindy Lab taldeko doktoratu aurreko ikertzaileak.

Bere hitzetan, "etiketa bereko beste objektu bat erakustean, lehen objektuarekiko dituen antzekotasun edo ezberdintasunak kontuan hartu gabe, haurrak funtzio bera izatea esperoko du; kasu honetan, xurgatzea. Aldiz, objektu bat oso antzekoa bada baina etiketa edo izen ezberdina badu, ez du orokortuko objektu berriak xurgatzeko funtzioa duela, kategoria ezberdinetakoak direla interpretatuko du eta".

Hortaz, EHUko ikertzailearen arabera, izena partekatzea antzeko itxura izatea baino "kategorizazio irizpide sendoagoa da", eta fenomeno hori "garrantzitsua da hizkuntzaren bidez kontzeptuak eskuratzeko iturri gisa".

Neurotipikoak diren haurren kasuan, hamar hilabete dituztenetik aurrera gertatzen da hori, eta ikerketaren helburua izan da jakitea ea 3 eta 9 urte bitarteko espektro autistako haurrek ere hizkuntzaren bidez bereganatzen dituzten kontzeptuak.