Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salak berretsi egin du Arabako Auzitegiak gizon bati ezarritako 14 urteko espetxe zigorra bere alabari zortzi urtez sexu erasoak egiteagatik, sei urte zituenetik, eta horrela, ezetsi egin du auzipetuak aurkeztutako errekurtsoa. Auzipetuak alegatu zuen, besteak beste, ez zela nahikoa kargu frogarik izan bera zigortzeko, biktimaren lekukotza zalantzan jarrita. Epaia ez da irmoa eta errekurtsoa aurkez daiteke Espainiako Auzitegi Gorenean.
EAEko Auzitegi Nagusitik gogorarazi dutenez, instantziako auzitegiak "auzipetuaren deklarazioa kaltedunaren deklarazioarekin alderatu zuen, eta haren bertsioak sinesgarritasuna merezi zuen, froga hirukoitza gainditu zuelako (sinesgarritasun subjektiboa, objektiboa eta krimen-egozteak irautea) eta berrespen periferikoko elementu objektibo sendoagoak zituelako", akusatuaren deklarazioa abalatu zutenak baino.
EAEko Auzitegi Nagusitik adierazi dute Arabako Auzitegiak ez zuela ikusi biktimaren salaketarako gezurrezko arrazoirik, eta, gaineratu duenez, "biktimak beti adierazi du Poliziaren aurrean, auzitegiko medikuaren aurrean eta talde psikoteknikoaren aurrean, gertakari horien aurretik aitarekin zuen harremana ona zela eta berak familia bat eduki nahi zuela".
Biktimak "ez zuen inolako onurarik lortu salaketarekin", eta, "aitzitik, kalte egin diezaioke, prozesu judizialaren beraren izaera eta iraupenagatik", EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera. Bada, ondorioztatu duenez, "salatzailearen sinesgarritasuna zalantzan jartzea, salaketa aurkeztean gezurrezko arrazoiak daudelako, logikaren arabera, ez da sostengatzen".
Halaber, EAEko Auzitegi Nagusiak zehaztu du Arabako Auzitegiak ondorioztatu duela biktimak gertatutakoari buruz egiten duen kontakizunak "egiantza" duela eta "sinesgarria, koherentea, zehatza eta argia" dela, eta sinesgarritasuna indartu duten berrespen periferikoko elementu objektiboak izan dituela, besteak beste, balorazio psikosozialeko unitateak egindako txostena.
"Epaian biktimaren lekukotzak egiantza duela uste izateko eman diren arrazoiak bat datoz logikaren arauekin, esperientziaren ereduekin eta ezagutza zientifikoekin, eta, horregatik, berretsi egin behar dira", dio EAEko Auzitegi Nagusiak.
BIKTIMAREN DEKLARAZIOA LEHENETSI
Era berean, zehaztu du Arabako Auzitegiak lehentasuna eman diola biktimaren deklarazioari errekurtsogileak defendatu nahi duen errugabetze bertsioaren aurrean, eta horrek ez dakarrela, inolaz ere, errugabetasun presuntziorako eskubidea urratzea, baizik eta "jurisdikzio funtzioaren egikaritza osatzen duen froga balorazioaren esanahiaren adierazpen fidela".
"Apelatzaileak ahaztu egin du urratutzat jotako konstituzio eskubidearen errespetua ez dela neurtzen organo erabakitzaileak akusatuaren deskargu adierazpenak onartzen dituen mailaren arabera. Izan ere, auzitegiak behar bezala, arrazoiz eta zuzen justifikatu du adierazpen horiek sinesgarritasunik ez dutela", gaineratu du EAEko Auzitegi Nagusiak.
Errekurtsogileak bidegabeko atzerapenak ere alegatu zituen, "ezein agresio edo eraso egitetik salaketa jarri zen unera arte ia zazpi urte igaro direlako", baina EAEko Auzitegi Nagusiak gogorarazi du bidegabeko atzerapenek zerikusia dutela prozeduraren tramitazioan aparteko geldialdiak egitearekin, eta gelditze horiek prozeduraren konplexutasunagatik justifikatu ezin direnak eta jurisdikzio organoari egotzi behar zaizkionak izan behar dutela, baina kasu honetan ez dela halakorik ikusten.
Gaineratu duenez, igarotako denbora haztatzeko erreferentziak ezin du egitateen data eskaini, "prozeduraren hasiera baizik, edo, zehatzagoak izanik ere, salatua egoztea"; izan ere, bestela," zuzenbidean inputatuek arrazoizko epe batean epaituak izateko duten eskubidea delitugile oro berehala aurkitu eta ikertzeko eskubide bihurtzeko arriskua dago".