Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) sarrera berriko 8.709 plazako eskaintza du 2024-2025 ikasturterako, aurreko ikasturtean baino zertxobait gehiago, eta aurretiko izen-ematean 20.000 eskaera inguru jaso ditu, unibertsitateko iturriek jakitera eman dutenez.

Eskaera gehien jasotako titulazioei dagokienez, aurreko deialdiekin alderatuta ez da aldaketa handirik izan. Horrela, oraindik ere osasun arloko graduak dira eskaera gehien jaso dituztenak; zehazkiago, Medikuntza, Erizaintza, Psikologia, Odontologia eta Fisioterapia graduak dira eskatuenak. Era berean, gehien eskatutako beste graduetako bat Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza izan da.

Bestalde, EHUtik nabarmendu dute "bikaina" izan dela gradu berrienek jasotako harrera (Biomedical Engineering eta Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Gradu Bikoitza, lehen aldiz joan den ikasturtean eskainitakoak, eta Logopedia, irailetik aurrera lehen aldiz eskainiko dena).

Ezagutza arloei dagokienez, aurretiazko izen-emateen %36,7, lehen aukeran, osasun zientziekin lotuta daude; %30,83 gizarte zientziekin; %18 ingeniaritza eta arkitekturarekin; %8,1 zientziekin, eta %6,3 arte eta giza zientziekin. Ondorioz, aurreko urteetako bilakaerari eutsi zaio eta osasun zientziek eta ingeniaritzak eta arkitekturak berriro ere goranzko joera izan dute.

"Hurrengo ikasturterako aurretiazko izen-emateen mailak agerian utzi du gure gradu ikasketen eskaintza gizartearen beharren araberakoa dela. Ez gara eskaintza estatikoaz ari, noski. Izan ere, etengabe egokitzen da bilakaera ekonomikoaren, sozialaren eta kulturalaren arabera", azaldu du Eva Ferreira EHUko errektoreak.

Halaber, azken urteotan ezarritako titulazioek "eskari maila ona" mantendu dutela adierazi du, hala bola ingeniaritza biomedikoak, hezkuntzako gradu bikoitzak edo adimen artifizialak. "Eta gauza bera gertatzen da logopediarekin, datorren ikasturtean abian jarriko dugun titulazioarekin. Euskal gizarteak unibertsitate publikoan konfiantza izaten jarraitzen du eta albiste bikaina da hori", gaineratu du.