Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteartean, uztailaren 9an, zerua lainotuago eta tenperatura maximoak bizpahiru gradu beherago geldituko dira. Goizean erdi mailako hodeiak eta goi hodeiak agertuko dira, eta arratsaldean hodeiak ugarituz joango dira; eguerditik aurrera euri pixka bat egin dezake edo zaparradaren bat bota dezake, batez ere mendebaldean.

Hego haizea dela eta, egunsentia epela izango da. Tenperatura maximoak, berriz, udako balioetan geldituko badira ere, zertxobait jaitsiko dira; arratsaldean, ordea, haizea iparraldera aldatuko da eta nabarmen freskatuko du. Hiriburuetan, Baionan 18 gradu espero dira gutxienez eta 27 gehienez, Bilbon 18 gutxienez eta 25 gehienez, Donostian 17 gutxienez eta 24 gehienez, Gasteizen 14 gutxienez eta 29 gehienez, eta Iruñean 18 gutxienez eta 32 gehienez.

Itsasoan mendebal-osagaiko haizea ibiliko da goizaldean 2-3ko indarrarekin, goizean goiz hego-osagaitik finkatuko da, eta goizean ipar-osagaira egingo du 3ko indarrarekin; itsaso kizkurra edo itsaskirria izango da. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 07:44an eta 19:57an izango dira, eta itsasbehereak 01:36an eta 13:41ean. Uraren tenperatura 20 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Balorazioa

"Baliteke han-hemenka zaparrada txikiak botatzea, bereziki arratsalde-gauean eta mendebaldean. Goizaldean kostaldean haizea mendebal-osagaitik ahul-bizi ibiliko da, goizean goiz hego-osagaira aldatuz eta goizean zehar brisa altxatuko du; egunaren bigarren partean haizea ipar-osagaira aldatuko da ahul-bizi. Barnealdean haizea hego-osagaitik ibiliko da, goizean bolada gogor batzuekin eta arratsaldean ipar-osagaira aldatuko da ahul-bizi, bolada gogor batzuekin Araban. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".