Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Carmen Martinez Guerrari esleitu dio, prozedura irekiaren bidez, Arabako Antzinako Musikaren Asteko zuzendaritza artistikoaren eta ekoizpenaren zerbitzua 2024ko ediziorako, ardura beste lau ediziotan luzatzeko aukerarekin.

Arabako Antzinako Musikaren Astea Arabako Foru Aldundiak antolatzen dituen programen artean finkatuenetakoa da. Urtero, antzinako musika, Erdi Arokoa, errenazentista, barrokoa eta preklasikoa eskaintzen ditu, batez ere europarra, baina baita beste musika tradizio batzuetakoa ere. Jaialdiaren 42. edizioa irailaren 12tik 22ra izango da eta egitaraua uztailaren amaieran aurkeztuko da.

Carmen Martinez Guerra jaialdiaren zuzendari artistikoa izan zen 2020ko eta 2022ko edizioetan, eta "ilusio handiz" eta Arabako Antzinako Musikaren Asteari "nazioarteko ospea eta merezi duen kalitatea emateko konpromisoarekin" ekingo dio ardurari. "Arabako Antzinako Musikaren Astea nazioarteko erreferentziazko jaialdia izatea nahi dut, berrikuntzan oinarrituta lan eginez, kultura sarea indartuz eta landa ingurunera iritsiz", adierazi du.

Era berean, jaialdiaren jardueren "dinamizazio handia" proposatu du, "proiektuaren onura sozial eta kulturalari eustearen garrantzia" azpimarratuz, "musikak gizartea hobetzeko duen botere eztabaidaezinaz baliatuta".

Ana del Val Arabako Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak gogorarazi du jaialdiak zuzendari teknikoa izan zuela lehen aldiz 2020an "eredua indartu eta eguneratzeko asmoz", eta Carmen Martinez Guerrak bete zuela eginkizun hori.

"Esperientzia ona izan ondoren, baina baita horrelako prozesuetan gardentasuna eta parte hartzea hobetzeko eta jaialdi eredua indartzen jarraitzeko ere, zuzendaritza lehiaketara ateratzea erabaki genuen, kualifikazio handiko adituen lankidetza erakartzeko aukera emanez", azaldu du.