Arabako Foru Aldundiak neurri bereziak ezarriko ditu egoki kudeatzeko udako hilabeteetako bidaietarako AP-1 autobidearen Arabako tartea erabiltzen duten ibilgailuen areagotzea, batez ere asteburu honetatik aurrera. Neurri horien artean daude, batetik, eskuragarri dauden bide guztiak guztiz irekitzea, kobratzailearekin, eta, bestetik, seinaleztapen eta zaintza lanetarako langile gehiago jartzea.

Batez beste 216 eta 238 ibilgailu sartzen eta irteten dira bide laster horretatik orduero, Etxabarri Dibiñako bidesarian, baina zifra horiek gora egiten dute udan, 1.570 eta 1.700 ibilgailuraino, hurrenez hurren. Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailaren mendeko Arabat sozietate publikoak kudeatzen du AP-1 autobidearen Arabako tartea, eta neurri bereziak hartu ditu eskaeraren bat-bateko gorakadak kudeatzeko eta erabiltzaileei behar bezala erantzuteko.

Ibilgailuen trafiko handiena gaurtik igandera arte izango da, eta, bereziki, uztailaren 27tik abuztuaren 1era, bai eta abuztuaren 4tik abuztuaren 7ra arteko aldian ere. Era berean, AP-1 autobidea erabiltzeko eskari handia dago aurreikusita abuztuaren 12rako, abuztuaren 15eko zubiaz gozatuko duten pertsonen irteera data gakoa baita.

Hala, bada, Etxabarri Dibiñako ardatzean sartu eta aterako den zirkulazioaren aurreikuspen hori eginik, Arabat sozietateak giza baliabide eta baliabide material gehiago prestatu ditu zirkulazioaren emendatze horri erantzuteko. 

Neurrietako bat da, hain zuzen, "Etxabarri Dibiñako irteerako geltokian bidesaria kobratzeko erabilgarri dauden bederatzi kabinak operatibo mantentzea langileak jarrita, eta kobratzen eta gidariei informazioa ematen jarduten diren langileen plantilla ere handitzea. Ibilgailuen joan-etorri ugariko uneetan kobratzaileak egongo dira, baita ViaT-rekin automatikoki kobratzeko erreserbatutako kabinetan ere, arazorik ez sortzeko gailu hori ez duten ibilgailuak oker sartzeagatik.

Era berean, autobidearen sarrerako/irteerako zonetan trafikoa zaintzeko eta antolatzeko giza baliabide gehiago jarriko da, segurtasuna bermatzeko", azpimarratu dute Arabako Foru Aldundiatik.

 Arabatek hobekuntza inbertsioak ere egin ditu, aldirik zailenetan zerbitzu hobea emango dela bermatzeko. Udako kanpaina hasi aurretik mantentze lanak egin dira arazo teknikoak saihesteko; prozedurak ezarri dira hondatzen diren kobratze ateak lehenbailehen konpontzeko; eta, gainera, seinalatu egingo dira auto metatzeak. Horra hor ezarri diren neurri berezietako beste zenbait.