GASTEIZ. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Kontseilua bildu da asteazken honetan Lehendakaritzan, Gasteizen, 2014ko abenduan onartu eta 2020ra arteko baliagarritasuna duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren (ZTBP) aurrerapena aztertzeko asmoz. Bileran aurreikusitakoaren arabera, Euskadik 1.380 milioi euro inbertituko ditu aurten I+G+B arloan, herri administrazioen, enpresen eta Europaren ekarpenak batuta.

Eusko Jaurlaritzaren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien, unibertsitateen, teknologia zentroen eta enpresen ordezkariek osatzen dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Kontseilua, eta bilera honetako buru Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria izan da.

ZTBP berriak ezarritakoaren arabera, beharrezkoa da ikerlanak Europako berrikuntza estrategiarekin lerrokatzea RIS3 espezializazio adimentsuko prozesuaren bitartez. Espezializazio horri jarraiki, Euskadin, ikerlanak hiru lehentasun estrategiko hauen araberakoak dira: fabrikazio aurreratua, energia eta bio-osasuna. Gainera, lau aukera eremu ezarri dira: elikadura, hiri habitata, ekosistemak eta kultur eta sormen industriak.

Gobernantza organo berriak jarri dira martxan Jaurlaritzako sail guztien eta erakunde publiko guztien ekimenak koordinatzeko. Horretarako eratu dira Sail arteko Batzordea, inplikatutako Jaurlaritzako sailek parte hartzen dutena, eta Erakunde arteko Batzordea, Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek osatzen dutena.

Gainera, zazpi pilotaje talde jarri dira martxan aipatutako zazpi esparru horietan ikerketa proiektuak sustatzeko. Euskadiko herri administrazioak, enpresak, teknologia zentroak, unibertsitateak eta oinarrizko ikerketarako bikaintasun zentroak daude pilotaje talde horietako kideen artean.

Halaber, Euskadin gaur egun abian diren proiektu adierazgarrienen aurretiko hautaketa egiteko irizpide komunak zehaztu dira bileran. Aurretiko hautaketaren oinarrian honakoak egongo dira: garrantzi ekonomikoa eta bikaintasun zientifikoa, emaitzak lortzera bideratuta egotea, kanpo zein barne proiekzioa, zientzia eta teknologia esparruen euskal sareko eragile guztiak integratzeko gaitasuna, eta gizarteratzeko aukera.

BALORAZIOA

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Kontseiluak oso balorazio positiboa egin du, Zientzia eta Teknologia Plana indarrean egon den aurreneko sei hilabeteak kontuan hartuta.

Halaber, zientzia eta teknologiako euskal sarea berrantolatzea onartu da, Zientzia eta Teknologia Planean ezarritako helburuei jarraiki. Hala, ikerketa zentroen jarduerak Euskadiren lehentasun estrategikoen araberakoak izango dira, eta merkatua gehiago aintzatetsiko dute, emaitzak lortzera bideratuta egongo dira eta enpresek, ekarpen publikoak osatuz, parte hartzea handiagoa izango dute, Europar Batasunarekin bat etorriz.

Inbertsioari dagokionez, aurreikusitakoaren arabera, Euskadik 1.380 milioi euro inbertituko ditu aurten I+G+B arloan, herri administrazioen, enpresen eta Europaren ekarpenak batuta.

Horrenbestez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Kontseiluak herri administrazioei agindu die aurrekontu publikoetan I+Gren alorreko inbertsioei eta programei lehentasuna ematen jarraitzea, hau da, ikerketan inbertitzea kalitatezko enpleguak eta euskal herritarren ongizatearen zein bizi kalitatearen hobekuntza bermatzeko.