Diario de AlavaDiario de Noticias de Alava. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Alava

Belaunaldi gazteei batua bere egin, erabil eta osa dezaten eskatu die Euskaltzaindiak

Hizkuntza estandarra aldarrikatu eta oraindik dauden beharrei erantzuteko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du

Arantzazu Zabaleta - Domingo, 7 de Octubre de 2018 - Actualizado a las 06:04h

Euskaltzainak eta euskara batuaren adierazpena sinatu zuten beste 35 erakundeetako ordezkariak, santutegiaren aurrean.

Euskaltzainak eta euskara batuaren adierazpena sinatu zuten beste 35 erakundeetako ordezkariak, santutegiaren aurrean.

Galería Noticia

Euskaltzainak eta euskara batuaren adierazpena sinatu zuten beste 35 erakundeetako ordezkariak, santutegiaren aurrean.

oñati- Belaunaldi berriei dei egin die Euskaltzaindiak euskara batua, “arrotza barik, bere-berea izan dezaten eta beraien adierazpideetan erabil dezaten”, haiei baitagokie “eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea”. Mezu horrekin eta hamar puntuko adierazpenarekin amaitu zuen atzo Arantzazun bere XVII. biltzarra Akademiak.

Orain arteko bidea berretsi eta lanean jarraitzeko konpromisoa agertzen duen adierazpenari 36 erakundek agertu zioten atxikimendua eta guztien ordezkariak izan zituzten alboan egun hauetan biltzarrean parte hartu duten euskaltzainek Arantzazuko santutegiaren aurrean atera zuten familia argazkian. Aurretik adierazpena sinatu ere egin zuten Gandiaga Topaguneko aretoan, sinbolismoz betetako ekitaldian: Villasanteren mahai gainean jarri zuten haien izena, hain zuzen ere, Gandiagak berak eskatuta Jorge Oteizak Arantzazuko frantziskotarrentzat sortutako misterioaren ondoan. Villasante, Gandiaga, Oteiza eta frantziskotarrak izan ziren, beraz, konpromiso berrien lekuko. Joan Mari Torrealdai izan zen euskara batuaren adierazpena irakurtzeko arduraduna. Hamar puntuz osatuta, alde batetik, orain arte egindako lana aintzat hartzen du testuak eta bidean lan egin dutenei “aitortza” eta “omenaldia” ere egiten die, euskara batuaren bidez alfabetatutakoak eta hiztun berriak ere aipatuz.

Batuak kritikak ere badituela eta Akademiak onartu du kezkatuta dagoela “azkenaldian hizkuntza estandarrari buruz nabarmendu den zenbait iritzi eta jokamolderekin”. Haiei aurre egin eta hizkun-tza estandarrak “euskaldun oso izateko modua” ekarri duela defendatu du. “Hiztun guztiok errazago elkar ulertu ahal izateko zubi-tresna, euskaldun berrien eta zaharren arteko elkargune zabala” dela batua aldarrikatu du eta eremu berriak irabazi dituela euskararentzat. Aurrera begira, arreta belaunaldi berrietan jarri du Akademiak biltzar honen mezu nagusian: “Arrotza barik, bere-berea izan dezaten” batua dei egiten die, “beraien adierazpideetan erabil dezaten, belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioarekin”, “nork berea duen euskaratik abiatuta”, baina guztion artean bultzatuta “gure arteko zubia izan dadin”. “Etxetik eta lagunartetik euskaldun direnei beren hizkuntza-gaitasuna osatzeko eta aberasteko bidea emango diegu horrela, eta etxetik ez dakitenei euskaldun askoren esparrura erakartzeko aukera eskainiko”. Orain artekoa osatu, hobetu eta ondorengoei transmititzea dagokie belaunaldi berri horiei, Euskaltzaindiaren ustez.

Akademiak zerbitzua eman behar diola gizarteari gaineratzen du adierazpenak, “euskaldunengandik jasotzen duena euskaldunei itzuli, beraien onura eta erabilerarako”. Eta hemendik aurrera ere elkarlanean aritzeko deia egiten du testuak: euskararen etorkizunaren berma-tzean “guztiok behar dugu partaide izan eta lehen-lehenik Euskaltzaindiak”. Euskaltzaindiaren beraren lanari dagokionez, biltzarraren amaierako adierazpenean konpromisoa agertu zion gizarteari “koordinazio lanaren bidez” gauza-tzeko “euskara batuaren sustapena eta bultzada”. Erabilera sozialari laguntza eman behar zaiola onartu eta lurralde guztietan eragile publiko eta pribatuekin elkarlanean arituko dela dio adierazpenak, “euskara batuaren aldeko hizkuntza politika sendoa egiten”.

Deklarazioaren aurretik Andres Urrutia euskaltzainburuak biltzarraren inguruan egin zuen gogoeta eta etorkizunerako bide-orria aurkeztu zuen. Berriro nabarmendu zuen “estatusa landu gabe, korpusa lantzea alferrikakoa” dela eta Euskaltzaindiak bi sail dituela berretsi zuen: iker eta jagon, normatibizazioa eta normalizazioa. Hala, “ofizialtasuna edo horren lehen zantzuen bila” lanean jarraituko duela esan zuen Urrutiak. “Estatusa ez dugu inondik ere baztertu ez ahaztu”, gaineratu zuen, eta hizkuntza politika egiteko eskumenik ez duen arren, Akademiak lurralde guztietan normalizazioaren alde lanean jarraituko duela gaineratu zuen.

Biltzarrean entzun eta eztabaidatutakoak aztertuta, “oraindik argi-ilunak” badaude ere, euskara batua “onuragarru eta probetxugarri izan zaiola euskal gizarteari” aldarrikatu zuen. Estandarizazioak babes zabala lortu duela eta hemendik aurrera tokian tokiko euskararekin uztartzen lan egin behar dutela aipatu zuen, komunikazio premiei erantzuteko. Konpromisoa hartu zuen gizartearekin ere, Euskaltzaindiaren lana zabaltzeko. “Gizarteak ozen esan du premia batzuk dituela eta berehalako erantzunak eskatzen dizkio Akademiari”. Ildo horretan, webgune eta eskuliburu berriaren baliagarritasuna aldarrikatu zituen.

Biltzarraren hasieran aipatu zuen moduan, Euskaltzaindiak hemendik aurrerako ibilbideari begira irizpide batzuk garbi dituela gogoratu zuen: lurraldetasuna, Akademiaren erreferentzialtasuna, lanaren zientifikotasuna eta akademikotasuna, baita ikusgarritasuna ere. “Akademia bizia, irekia, zerbitzu emailea nahi dugu, lan kolektiboa egiten duena, gizarte zibila bilbatzen duena euskararen inguruan”, amaitu zuen Urrutiak. Elkarlana aldarrikatuta, Akademiaren lanak berak hitz egitea izango dela egokiena esan zuen: “Obrak mintzo”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Álava se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

    Más sobre ¡Qué mundo!

    ir a ¡Qué mundo! »

    • Avda. Gasteiz 22 bis 1ª Oficina 13 Vitoria - Gasteiz
    • Tel 945 163 100, Fax Administración 945 154 344, Fax Redacción 945 154 346

    • Oficina Comercial: Calle Portal del Rey 24 (Esquina calle Paz), Tel 945 201000, oficinacomercial@noticiasdealava.eus