Laiak, Arabako ahalduntze feministarako eskolak, lurraldeko kuadrillek antolatutako irakurketa feministako klubek urteroko topaketa egingo dute Kexaan larunbatean. Hitzordu horrekin literaturaren bidez ahalduntze kolektiboa sustatzen duten irakurketa kluben 2022-2023 ikasturtea amaituko da. 

Ikasturte honetan 12 klub egon dira martxan. Gaztelaniaz, La hora violeta izenburupean, Añana, Aiara, Gorbeialdea, Arabako Lautada, Mendialdea eta Arabako Errioxako kuadrilletan eta Trebiñun; euskaraz, berriz, Aiara, Lautada, Errioxa, Mendialdea eta Gorbeialdeko klubak.

Hilean 160 emakume baino gehiago elkartzen dira literatura tradizio feministari buruz hausnartzeko, partekatzeko, ikasteko eta hitz egiteko. Jarduera hori emakumeen ahalduntzerako eta hazkunde pertsonalerako gunea ere bada.Laiako klubak txandakakoak dira, eta kuadrilletako hainbat herritan egiten dira, parte hartzaileek ikasturte hasieran aukeratuta. Liburuak Euskadiko Liburutegi Sareak entregatzen dizkie maileguan parte hartzaileei.

Ainhoa Campo Aldundiko Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariaren ustez, "irakurketa feministako klubak ahalduntze feminista kolektiboko benetako sarea dira, non emakumeok elkarri ahotsa ematen diogun, komunean eta desberdintasunean aintzatesten garen; adin, lanbide, jatorri eta egoera guztietako emakumeak".Klub horiek 2016an jarri ziren martxan, lehena Lautadako Kuadrillan, eta gero beste kuadrilla batzuk gehitu ziren, bai eta Irakurle Kluba ere euskaraz.

Kexaako topaketan, non literatura izango den protagonista, 150 emakume inguru daude inskribatuta. Gonbidatutako idazlea Karmele Jaio da. Berak hitz egingo du bere "Aitaren etxea" liburuaz, aurten gaztelaniazko klubetan irakurri baita. Idazleak eleberria idazteko prozesua nolakoa izan den azalduko du, eta eleberrian lantzen diren gai batzuk nabarmenduko ditu, hala nola maskulinitateak, emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak edo indarkeria matxistak.