Roberto Gonzalez da Araba Euskaraz programaren koordinatzailea, eta edizio hau oso berezia dela dio, hainbat arrazoirengatik. Gainera, aurreko urteekin alderatuta, beste edizio desberdin bat da antolatu dute aurten, ikastetxe guztiek parte hartu baitute Araban euskararen erabilera bultzatzeko eta indartzeko.

Aurten ere Araba Euskaraz izango da, baina aurten ez da mugatua izango. Nolakoa izan da ekitaldiaren antolaketa?

Aurtengo edizioa berezia da arrazoi ezberdinengatik. Lehenik, azkeneko bi edizioak, pandemiaren testuinguruan, beste modu batera ospatu behar izan genituen, mugatuak, ez bere osotasunean. Aurten, aldiz, indartsu eta gogotsu itzuliko gara. Bestalde, lehenengo Araba Euskaraz jaia ospatu genuenetik berrogeita bat urte pasa dira. Olarizun ospatu zen orduan Arabako ikastola guztiak antolatuta, eta aurten leku berdinera itzuliko gara, Arabako zortzi Ikastolok antolatuko dugu, auzolanean.

Nola prestatzen da jai hau eta nola erabakitzen da zein ikastetxeri emango zaion indarra?

Urte osoko lana izaten da; kasu honetan Arabako zortzi Ikastolak daude inplikatuta antolakuntzan. Ikastola bakoitzak antolaketaren ardura bat hartu du; denak batera aritu dira lanean. Ikastola guztien artean erabakitzen da zeini ematen zaion indarra. Aurten garbi ikusi zuten Argantzun Ikastolari eman behar zitzaiola babesa. Oso Ikastola berezia da: Trebiñun kokatuta dago, Ikastola txikia da, baina lan handia egiten dute. Ikastolen eta euskaltzaleen laguntza behar dute Trebiñu euskalduntzen jarraitzeko.

Zer berrikuntza ekarriko ditu edizio honek?

Berrikuntza nabarmenena jaiaren esparrua bera izango da: aurten ez da zirkuitorik izango, gune guztiak Olarizuko Lorategi botanikoan kokatuta egongo dira. Hiru gune izango dira zehazki eta jende guztiarentzako jarduerez beteko ditugu.

Nola gogoratzen duzu aurreko edizioaren prestaketa iaz?

–Aurreko edizioa Laudio Ikastolak antolatu zuen. Oso urte berezia izan zen, pandemiak eragindako ziurgabetasun urtea izan baitzen. Azken unera arte ez genuen jakin zein baldintzatan ospatu behar genuen jaia, eta, gero, egoerara moldatu ginen. Oso jai berezia izan zen, txikiagoa, intimoagoa, baina polita aldi berean.

Zer da Araba Euskaraz ekimenen gainean gehien nabarmentzen duzuna euskarari ematen zaion indarrari dagokionez?

Araba Euskaraz, Arabako Ikastolen jaia izateaz gain, Arabako eta Euskal Herriko euskaltzale askoren topagunea izaten da. Baina ez bakarrik egunean antolatuko ekintzetan, urtean zehar egin ditugun jardueretan ere bai. Arabako herri desberdinetan jende asko elkartu izan gara, gure lurraldean, gure hizkuntzari bultzada emateko. Horrek indar eta balio handia dauka.

Zer ekitaldi gehiago antolatzen dituzue Ikastolen Elkartetik euskararen erabilera bultzatzeko?

Ikastolen Elkartetik jarduera anitzak antolatzen dira euskararen erabilera bultzatzeko. Arabako leku ezberdinetan, askotariko ekintzak izan ditugu Arabako zortzi Ikastolek antolatuta. Araba Euskaraz Eguna ikasturteari bukaera emateko eguna izango da, baina ikasturte honetan ekintza desberdinetan parte hartzeko aukera izan dugu, eta baita gozatu ere. Go!azen telesailaren kontzertuarekin hasi ginen, Iradier Arenan; Pilota Topaketa izan genuen, Lapuebla de Labarkan; Anderea dokumentalaren emanaldia, Amurrion; Mahasti Artean martxa, Oionen; Araba Euskaraz kanta aurkeztu genuen kontzertu batekin, Jimmy Jazzen; Lautadan Mendi Martxa; Armentian, Guk, Euskaraz solsaldia; Laudion, Orientazio Proba; Argantzunen Lo(r)tuko dugu! Eguna eta, Bastidan, Bertso Topaketa ospatu genuen. Ekintza ugari euskarari bultzada emateko eta euskaltzaleak elkarrekin egoteko.

Uste duzu ekitaldi hauek lagungarriak direla euskara gehiago erabiltzeko?

Argi dugun zerbait da aisialdian ere bultzatu behar delan euskararen erabilpena, eta, ondorioz, horrelako ekitaldiak ezinbestekoak dira. Arlo horretan erabilera normalizatzen badugu, askoz errazagoa izango da bere ezarpena.

Gero eta herritar gehiagok dakite euskaraz, baina gero ez dute egunero erabiltzen. Zein da arazoa?

–Zaila da jakitea, baina, arabaren kasuan, behar bada, ohitura falta alde batetık eta euskaldunak identifikatzeko zailtasuna bestetik, izan daitezke faktoreetako batzuk. Eta horiei lan mundua eta aisialdi eskaintza oso erdaldunak direla erantsi behar zaie. Horregatik garrantzitsuak dira euskaraz aritzeko espazioak zabaltzea, eta hori da egiten duguna guk antolatutako ekintzen bitartez edota Euskaraldiaren ariketa sozialek ere hori bultzatzen dute.

Zer egin dezakegu horren kontra? Nola konpondu arazoa?

Ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen, eta euskara hizkuntza gutxitua da eta egoera diglosikoan dago, hau da, hizkuntza hegemoniko bi ditu gainetik, gaztelania eta frantsesa. Ikastoletatik jarraitu beharko dugu lanean eta eragiten.

Haur askok ez dute euskaraz hitz egiten etxean, baina bai ikastetxeetan. Nahikoa al da eskolan euskaraz hitz egitea txikienetan erabilera bultzatzeko?

Ez, ez da nahikoa. Horregatik Ikastoletatik kanpo euskara sustatzearen lan hori egiten jarraitu behar dugu, aisialdian bereziki. Nagusiek hitz egiten badugu, eta haurrei euskaraz hitz egiteko espazioak eskaintzen badizkiegu, haurrak euskaraz hitz egiten ohituko dira.

Zer da Araba euskaraz antolatzeko zailena?

Araba Euskaraz antolatzea lan polita da, erronka ederra. Auzolanean lan egiten denean, emaitza onak lortzen dira, dauden zailtasunak erraz konpontzen dira. Gauza asko lotu behar dira eta lan handia eskatzen du horrek, baina ohituta gaude, eta indartsu eta gogotsu dihardugu horretan.