Iñigo Urkulluk inauguratu du aste honetan HEGAN Euskal Herriko Aeronautika eta Espazio Klusterraren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldia. Bertan, elkarte hori osatzen duten 73 enpresa, teknologia-erakunde, unibertsitate eta aliatuen ordezkari ugari izan dira. Horien aurrean, lehendakariak urteurrena aprobetxatu nahi izan du sektorea orduan nola zegoen gogorarazteko eta nazioarteko merkatuan lehiakortasuna irabazten jarraitzeko aukera berriak sortzera animatzeko.

Lehendakariak ziurtatu du enpresen eta ekintzailetzaren mundua "oso erakargarria dela gazteentzat", eta, beraz, gazteek beren bizitza pertsonala eta profesionala Euskadin garatzea ahalbidetuko duten prestakuntza-, lan- eta sustapen-baldintzak sortzearen alde agertu da.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, “giza kapitalean inbertitzea, pertsonak prestatzea, gure jardueraren eraldaketa teknologiko eta digitalari ekitea dagokigu. Sektore lehiakor horretan hazteko modu bakarra da. Eskutik egin behar dugu”, esan du. Horretarako, inbertsioa eta giza kapitala aldeztu ditu, aurrera egiteko eta erronka globalei erantzuteko formula gisa.

HEGAN 73 kidek osatzen dute, ia balio-kate aeroespazial osoan kokatuta. Bazkideen artean, honako hauek daude: 4 Tier1, 49 industria-konpainia, 9 teknologia-zentro, 5 unibertsitate eta 6 aliatu-kluster. Gaur egun, HEGANeko kideek 169 instalazio dituzte munduan: 96 zentro Euskadin, 45 Espainiako gainerako lekuetan eta 28 kanpoan (Alemanian, Brasilen, Txinan, Estatu Batuetan, Indian, Maltan, Mexikon, Polonian, Portugalen eta Erresuma Batuan).