Pandemiaren geldialdia tartean, bost urteko zikloa beteko du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak bere 18. edizioan. Etenaldiak etenaldi, alta, gogobiziz dator Bertsozale Elkarteak antola-tzen duen hamargarren txapelekta hau. Getxon abiatuko da bertso lehia irailaren 24an eta, lehenengoz txapelketa abiatu zenetik, Iruñeko Nafarroa Arenako eszenatokia izanen du helmuga, abenduaren 18an. Tartean, euskararen herri osoa zeharkatuko du, ohi duen bezala, bertsoa lau haizetara zabalduz. Denetara 42 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan. Horiekin batera, 14 lagunek osa-tzen dute gai-jartzaile taldea eta 21 dira epaile lanetan arituko direnak.

Sei saio izango dira lehen fasean: irailaren 24an hasita, bina saio jokatuko dira astebururo. Zazpi finalaurreko izango dira jarraian: asteburuko saio bat jokatuko da, larunbatero, zehazki. Eta azkenik, abenduaren 18an finala izango da. Gainontzeko saioak Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan eta Bilbon ospatuko dira.

Atzo, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan eskainitako aurkezpenean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kide Gontzal Agotek azaldu moduan, “azken urteotan ahalegin handia egin du Bertsozale Elkarteak tokian tokiko antolatzaileekin, bertso-eskolekin eta sortzaileekin beraiekin batera plaza biziberritzeko”, pandemiak eragindako kulturgintzaren egoera latzari erreferentzia eginez: “Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”.

Izan ere, Bertsozale Elkarteak plazaren irakurketa egin du aldian-aldian, eta datu onak dira azken hilabeteetakoak. “Azken urteetan gertatutakoak gertatuta ere, argi esan dezakegu bertsolaritza oso bizi dagoela euskararen lurralde osoan zehar”, jarraitu du elkarteko koordinatzaile Idoia Trenorrek, eta erantsi: “Garrantzitsua da bizitasun hori nondik datorren azaltzea. Txapelketa ez da ekintza isolatu bat, txikitik, egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorioa da”. Hezkuntzan, ikerkuntzan nahiz plazan egiten den lana azpimarratu ditu, sei Bertsozale Elkarteen, Lanku Kultur Zerbitzuen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik. Hain zuzen, aurkezpenean izan dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteetako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak.

42 bertsolari, 14 saio

Agotek azpimarratu bezala, “gogotsu” daude bertsolariak txapelketaren oholtzara igotzeko. Lehenengo fasean 36 bertsolari izango dira kantuan: 2 Arabatik, 10 Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, 5 Nafarroatik eta 3 Xilabatik sailkatuak. Horietatik 19 igaroko dira finalaurrekoetara, eta bertan aurreko edizioko 5 finalistarekin eginen dute topo: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluze. Aitor Sarriegik eta Igor Elortzak uko egin diote txapelketa kantatzeari, eta aurrekoan finalean aritu zirenez, ez da inor sartuko euren ordez.

Bi itzuli izanen ditu finalaurreko faseak: lau lehenengo itzulian eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu eta lehenengo itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek ez dute aurrera egingo. Taldeak aldatuko dira lehenengo itzulitik bigarrenera. Finalean, azkenik, zortzi bertsolari arituko dira kantuan. Maialen Lujanbio egungo txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatuko diren zazpiak. Hiru saiotan banatuko da Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finala: goizean, zor-tzi bertsolariak jardungo dira eta zor-tzi bertsolariekin emango zaio hasiera arratsaldeko jardunari ere; azkenean, puntu gehien metatu duten bi bertsolarien arteko buruz burukoa jokatuko da. Egun osoko jardunean puntu gehien eskuratu dituena izango da 2022ko txapelduna.

Txapelketan parte hartzeari uko egin dioten bertsolarien artean, Sarriegirekin eta Elortzarekin batera, Beñat Lizaso, Etxahun Lekue, Jokin Uranga, Jon Maia eta Odei Barroso aurkitzen dira. Euren ordez Beñat Iguaranek, Haritz Mujikak, Imanol Uriak, Maialen Akizuk eta Patxi Iriarteko kantatuko dute. Denetara, 15 dira lehenengoz Txapelketa Nagusian arituko diren bertsolariak eta emakumeen parte-hartzea ere zabala da: 15 denetara.

Sarrerak, dagoeneko salgai

Txapelketa Nagusirako sarrera guztiak, finalekoak barne, eskuragarri daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale Elkartetik argitu dutenez, bazkideek abantailak izanen dituzte hauek eskuratzerakoan, “beraiek baitira egiten ditugun ekitaldi guztien ezinbesteko sostengua”. Hala, saio guztietan prezio berezia izango dute sarreretan. Horretaz gain, gaurtik ekainaren 30era bitartean bazkide bakoitzak bere finaleko sarrera erreserbatua izango du. Egun horretatik aurrera, gainontzekoen baldintza berdinetan eskuratu ahal izango dute sarrera bazkideek.

Interneteko atariaz gain, finaleko sarrerak Nafarroako Bertsozale elkartean ere egongo dira salgai ekainaren 23tik 30era bitartean (larunbatean eta igandean ezik), 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Gainerako saioetako sarrerak irailetik aurrera egongo dira salgai saioak egingo diren herrietan bertan, aurretik agortzen ez badira.

Txapelketa telebistaz jarraitzeko aukera ere izango da. Irailaren 18an hasiko da Hitzetik Hortzera denboraldi berria, eta igandero izango da ETB1en. Hala, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean egiten den telebista saioak Txapelketa Nagusiari eskainitako saio monografikoak eskainiko ditu. Bestalde, finalaurreko guztiak zuzenean emititiko dituzte ETB4k, eta eitb.eus zein bertsoa.eus atariek ere.

Lehenengo fasea

Irailak 24, Getxo. Agin Laburu Rezola, Eneko Lazkoz Martinez, Nerea Elustondo Plazaola, Oihana Bartra Arenas, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Mendizabal Jauregi.

Irailak 25, Arrasate. Asier Azpiroz Iztueta, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Miren Amuriza Plaza, Saioa Alkaiza Guallar, Xabier Silveira Etxeberria.

Urriak 1, Gotaine-Irabarne. Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Iguaran Barandiaran, Patxi Iriart Hiribarren.

Urriak 2, Gasteiz. Amaia Iturrioz Etxaniz, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Manex Agirre Arriolabengoa, Miren Artetxe Sarasola, Xabat Galletebeitia Abaroa.

Urriak 8, Donostia. Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Iguaran Amondarain, Eñaut Martikorena Lizaso, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Onintza Enbeita Maguregi.

Urriak 9, Lizarra. Aitor Bizkarra Ruiz, Gorka Pagonabarraga Agorria, Imanol Uria Albizuri, Iñigo Mantzizidor Larrañaga ‘Mantxi’, Maialen Akizu Bidegain, Unai Gaztelumendi Arandia.

Finalaurrekoak

Urriak 22, Elizondo. Unai Agirre Goia, Arrasateko irabazlea, Getxoko irabazlea eta puntuazioz sailkatuak.

Urriak 29, Donibane Garazi. Amets Arzallus Antia, Gasteizko irabazlea eta puntuazioz sailkatuak.

Azaroak 5, Irun. Sustrai Colina Acordarrementeria, Donostiako irabazlea, Gotaine-Irabarneko irabazlea eta puntuazioz sailkatuak.

Azaroak 12, Durango. Beñat Gaztelumendi Arandia, Aitor Mendiluze Gonzalez, Lizarrako irabazlea eta puntuazioz sailkatuak.

Azaroak 19, Amurrio. Donibane Garaziko irabazlea, Elizondoko irabazlpea eta puntuazioz sailkatuak.

Azaroak 26, Baiona. Irungo irabazlea eta puntuazioz sailkatuak.

Abenduak 3, Bilbo. Durangoko irabazleak eta puntuazioz sailkatuak.

Finala

Abenduak 18, Iruñea. Maialen Lujanbio Zugasti eta puntuazioz zazpi bertsolari.