Denek aldatu nahi dute mundua, baina inork ez du bere burua aldatu nahi. Tolstoik idatzitako esaldia da, eta euri asko egin badu ere idatzi zuenetik, gauzak ez dira gehiegi aldatu antza azkeneko mendean. Oso ohikoa da beti bestearen eskuetan ikustea mundua aldatzearen ardura, eta, bitartean, norberak munduari begira jarraitzea, hala emana izan zaigun zerbait balitz bezala eta hura aldatzeko ezer egiteko aukerarik ez bagenu bezala. Eta ez naiz ari munduaren arazo larriei buruz hitz egiten bakarrik, egiturazkoak diren arazoak konpontzeak zailtasun handiak dakartzalako, eguneroko edozein arazori buruz ari naiz, berdin auzokideen bileran eztabaidatzen diren horietako bati buruz, maitaleen arteko eztabaida bati buruz edo lantokian sortutako bati buruz. Zenbatetan egon gara zain besteak bere jarrera aldatu dezan, azkenean arazoari irtenbide bat emateko, ia pentsatu gabe ere gure mugimendu batek egoera aldarazi dezakeela. Aurrekoan lagun batek eman zidan aholku batek pentsarazi dit honetaz. Nire arazo bat kontatu nion eta hala erantzun zidan: zu mugitzen bazara, besteak ere mugitzen dira. Eta honek pentsarazi dit askotan funtzionatzen dugula mundua estatikoa balitz bezala, bizitzak aurrean jartzen dizkigun egoerak aldaezinak diren paisaiak balira bezala. Arazoaren aurrean ezer egiterik ez daukagula pentsatzen dugu askotan, uste dugulako jada norbaitek marraztu eta margotu duelako eszenatoki hori. Baina nahikoa da gure mugimendu bat, paisaia horrek beste kolore bat har dezan. Eta hau ez dugu kontuan izaten beti. Egoera madarikatzen dugu baina ez gara konturatzen gure mugimenduak ere eragin zuzena duela paisaia horren diseinuan. Errealitatea ez da kuadro bat, ez da argazki bat. Errealitatea da zerbait aldakorra, etengabe aldatzen doana. Eta bakoitzak eragina du eraldatze horretan. Horregatik, zure aurrean duzun paisaia aldatu nahi baduzu, egizu froga bat: mugitu zaitez pixka bat, ea zer gertatzen den, ea nola erreakzionatzen duten zure ingurukoek. Ziur zerbait aldatzen dela, ziur arrakalaren bat irekitzen dela, aukera bat.