Diario de AlavaDiario de Noticias de Alava. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Alava
Paxkal Indo Seaskaren presidentea

“Lanean jarraitu behar dugu ikasle gehiago formatzen, haiek izango baitira biharko hiztunak”

Euskaltzaleen partetik Herri Urratsek jasotako sostenguaz pozik agertu da Indo, Iparraldeko ikastolen oztopoak gainditzen lagungarri izango delako.

F. Dolosor - Lunes, 14 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Paxkal Indo, Seaskako presidentea

Paxkal Indo, Seaskako presidentea

Galería Noticia

Paxkal Indo, Seaskako presidentea

senpere- Aurten hamar urte betetzen dira Paxkal Indo musikari lohitzundarra Iparraldeko ikastolen federazioaren presidentea dela. Inoiz baino gehiago, argi dauka Iparraldeko euskaltzaleek erronka askori aurre egin behar dietela baina atzoko jaiaren ondotik baikor agertzen da eta dioenez bateriak kargatuta dauzka lanean jarraitzeko.

Herri Urratseko hogeita hamabosgarren edizioa ospatu zenuten atzo. Zer diozu?

-Baikor gaude beste behin ere irabazi dugulako. Egun osoan tarteka izan genuen euriak ez zuen asko lagundu baina halere milaka lagun joan ziren Senpereko aintzirara. Atxikimendu handia jaso dugu aurten ere Euskal Herri osoko milaka lagunengandik. Oztopo asko dugu bidean baina txalotzeko garaia da. Denen artean proiektu asko egi bilakatu ditugu: sare zabala eta lanbide heziketa eskaintzen duen lehen ikastegia, besteak beste.

Zergatik eskatzen dituzue baliabide gehiago izatea?

-Duela egun batzuk, danborrada jendetsua egin genuen Baionan milaka haurrekin gure ahotsa Pariseraino entzunarazteko. Emmanuel Macron errepublikako presidentearen gobernu berriak bere muskulu txikiak erakutsi nahi ditu baina guk hazkunde handia dugunez beti, orain 25 lanpostu gehiago behar ditugu. Lau baizik ez dizkigute eman nahi;gutaz trufatzen dira! Ezin da dena Parisen erabaki gure egoera kontuan hartu gabe. Ezin da horrela jokatu.

Zailtasunak izan arren ikastolen garapena etengabea da.

-Gaur egun, bi eta 18 urte bitarteko 3.700 ikasle dauzkagu, urtero %6 gehiago. Baionako Bernat Etxepare lizeoan, adibidez, 266 ikaslekin zabaldu genituen ateak joan den irailean baina aurten 302 izango ditugu eta ia 400 datozen urteetan. Lanbide Heziketa eskaintzen dugu lehen aldiz, arlo soziala eta merkataritza hain zuzen. Sail orokorrean bezala hor ere irakasle gehiago behar ditugu, ezin dugu haiek gabe lanean jarraitu. Iparraldeko ikasleen %10a ikastoletan dabiltza baina lanean jaraitu behar dugu euskaldun gehiago formatzen, haiek izango baitira biharko hiztunak.

Eta lanpostu berri horiek ez badituzue lortzen?

-Argi gelditu behar da Seaskak ezin izanen dituela 25 lanpostu horiek bere gain hartu. Hezkun-tza sailak ez badizkigu ematen zenbait ikasgelatan 45 edo 48 ikasle izango dira. Horrelako kopurua ez da onargarria eskola moderno batean. Ezin da onartu.

Azken urteetan mota askotako erakundeak sortu dira Iparraldean. Zuek egitura bat gehiago eskatzen duzue.

-Egia da Euskararen Erakunde Publikoa sortu zela hizkuntz politika kudeatzeko eta guk haiekin gustora lan egiten dugu, noski. Bere ekarpena estimatzen dugu. Dena den, galdetzen dugu murgiltze ereduaren aitortza onartuko duen Ministeritza arteko ikuskaritzak. Bretainia, Alsazia, Ipar Katalunia, Okzitania eta Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua eskaintzen dugun eskolek sare bat osatzen dugu. Orain lege bat behar dugu gure berezitasuna kontuan hartzeko eta sail berezian kudea-tzeko. Frantziako Estatuan nekazarien eskolak Laborarien Ministeritzak kudeatzen ditu. Guretzat gauza bera egin behar dute eta horregatik Hezkuntza eta Kultura ministroen arteko akordioa aldarrikatzen dugu.

Kasurik egingo al dizue Parisek?

-Hezkuntza ministroari aipatu genion Miarritzera egin zuen agerraldian. Frantziako gobernuak ez gaitu oraindik entzuten baina lanean ari gara jadanik zenbait diputaturekin, horien artean hemengo hiruak: Vincent Bru, Florence Lasserre David eta Jean Lassalle. 1994an François Bayrou orduko Hezkuntza ministroak ikastolak legeztatu zituen. Argi dago orain beste urratsa egin behar dugula.

Zuen elkarteak erronka askori aurre egin behar die.

-Guraso elkarte bat besterik ez gara. Herritarrek gero eta ikastola gehiago nahi dituzte beren seme alabek euskaraz ikas dezaten. Egarri horren berri daukate tokiko hautetsi askok. Gobernuak ez du bere eginbeharra betetzen. Guk egiten dugu eta horregatik behar diren baliabideak eskatzen dizkiogu.

Zeintzuk dira hurrengo helburuak?

-Baionan laugarren kolegioa egituratzen ari gara eta Lapurdiko kostaldean bosgarren institutua eraikitzeko lur eremua bilatzen ari gara. Gogoetatzen ari gara bi ikastola berri sortzea, Ahetze eta Arbonan bertako ume asko Bidarte eta Miarritzera doaz eta. Atzoko jaiaren irabaziekin Lartzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa handituko dugu. 2007an eraiki genuen institutu horretan Nafarroa Behera eta Zuberoko 190 ikasle dauzkagu jadanik eta laster 250 hartu beharko ditugu Lehen Hezkuntza etengabe hazten ari baita. Guztira 500.000 euroren inbertsioa egingo dugu azpiegitura egokia eraikitzeko: 100 metro karratuko laborategia, ikasgela gehiago eta ahalmen urria duten umeak hartzeko gunea.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Álava se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

    Más sobre ¡Qué mundo!

    ir a ¡Qué mundo! »

    • Avda. Gasteiz 22 bis 1ª Oficina 13 Vitoria - Gasteiz
    • Tel 945 163 100, Fax Administración 945 154 344, Fax Redacción 945 154 346

    • Oficina Comercial: Calle Portal del Rey 24 (Esquina calle Paz), Tel 945 201000, oficinacomercial@noticiasdealava.eus