Diario de AlavaDiario de Noticias de Alava. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Alava

Ikastolak gora, oztopoak ere bai

Ipar Euskal Herriko ikastolek 230 ikasle gehiago izango dituzte datorren ikasturtean eta hazten jarraitzen dute, baina behar dituzten irakasle berriak ukatu dizkie Frantziak, egoera oso larria sortuz.

Arantzazu Zabaletaren erreportajea - Domingo, 13 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:04h

Seaskak deituta maiatzaren 4an Baionan egin zuten danborrada eta protesta jendetsua.

Anterior protesta en Baiona

Galería Noticia

Seaskak deituta maiatzaren 4an Baionan egin zuten danborrada eta protesta jendetsua.

Iparraldeko ikastolak alerta gorrian daudela iritsi da aurtengo Herri Urrats eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko garrasia Pariseraino eraman nahi dute Seaskako arduradunek. Ikasle kopuruak gora egiten jarraitzen du eta Frantziako Gobernuak behar dituzten irakasle berriak ukatu egin dizkie. Egoera larria izan daiteke irakasle berririk ez bada iristen eta mobilizazioak abiatu dituzte jada ikastolek: hilaren 4an 7.000 ikasle, irakasle eta guraso inguru bildu zituzten Baionan danborrak astinduz Pariseko arduradunei jarrera alda dezaten eskatzeko, Kasu, ikastolak kexu!lelopean.

Gaur egun 3.686 ikasle dituzte Iparraldeko ikastolek eta datorren ikasturtean 3.920ra igoko dira, hau da, 234 ikasle gehiago izango dituzte. Berria ona da oso, %6ko hazkundea emango baita, eta goranzko joera konfirmatzen du, ikastolek eta euskarazko murgiltze ereduko hezkuntzak hazten jarraitzen baitu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Azken hamahiru urteotan Ipar Euskal Herrian duten pisua bikoiztu dute ikastolek eta egun ikasleen %10 har-tzen dituzte. 2005. urtetik %80 hazi dira Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Seaskako ikastolak eta kolegioak eta %46 Baionako Lizeoa. Bitarte horretan, berriz, eskola pribatu eta publikoa %1 eta %2 hazi da.

Datuak positiboak dira, baina hazkundea kudeatzeko eta kalitatezko irakaskuntza bermatzeko, 25 langile gehiago beharko dituztela kalkulatu dute Seaskakoek irailetik aurrera. Normalean gelan 25 ikasletik gora daudenean desdoblatzen dituzte taldeak baina irakasle berririk gabe, ezingo dituzte bikoiztu datorren ikasturtean. Hala, ia 50 ikasle arteko taldeak osatu beharko lituzkete eta Bigarren Hezkuntzan, 40 ikasle ingurukoak. Frantziar irizpideen arabera, gehienez 35 izan daitezke gela batean.

Seaskak hiru urterako hitzarmena dauka sinatuta Frantziako Hezkun-tza Ministerioarekin eta Euskararen Erakunde Publikoak bitartekari lana egiten du ikastolen garapena berma-tzeko akordio hori gauzatu dadin, baina hitzarmena ez direla betetzen ari ikusi du EEPk ere. Akordioa berri-tzeko elkarrizketak abenduan abiatu zituzten eta orduan, printzipioz, Lehen Hezkuntzarako 4,5 lanpostu sortzeko aukeraz hitz egin zieten Pauko eta Bordeleko ordezkariek. Ez ziren nahikoak, baina hitz egiten hasi besterik ez ziren egin eta gauzak “aski ondo” ikusten zituzten Seaskakoek.

Martxoan, berriz, horiek ere ukatu eta Parisek lanpostu berririk ez zuela sortuko esan zien. Kalera ateratzea erabaki zuen orduan Seaskak eta maiatzaren 4ean 7.000 pertsona bildu zituen Baionan irakasle eske. Horren ondoren, lau lanpostu eskaini dizkie orain Frantziako administrazioak, baina nahikoak ez direla garbi dute ikastolek. Gauzak horrela, Ipar Euskal Herriko hezkuntzaren berezitasunak antolaketa berezia behar duela aldarrikatu du Seaskak.


Herri Urrats

Egoera horretan eta datorren ikasturteko egoera zein izango den jakin gabe bilduko dira gaur Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaltzaleak Senperen, aurtengo Herri Urrats festa ospatzeko. Prefosta (dudarik gabe esan nahi dute hitz horrekin Zuberoan) lelopean, Zuberoa eta Nafarroa Behereko barnealdeko herrietako Bigarren Hezkun-tzako (hamaika eta hamalau urte bitarteko) haurrak hartzen dituen Manex Erdozainzi Etxart kolegioa handitzeko dirua bildu nahi dute. Guztira 190 ikasle biltzen ditu Larzabale herrian eta datorren urterako 220 ere espero ditu. Aloze, Sohüta, Amikuze, Oztibarre, Garazi, Azkarate, Baigorri eta Ortzaizeko Lehen Hezkuntzako ikastoletatik etorritakoak dira ikasleak.

1984. urtetik ospatzen da Herri Urrats Senpereko lakuan eta bertan lortutako etekinei esker 31 ikastola, lau kolegio (Bigarren Hezkuntzakoak) eta lizeo bat zabaldu ahal izan dituela gogoratu du Seaskak. Azken urteotan, gainera, proiektu handiei egin die aurre Iparraldeko ikastolen elkarteak Herri Urratseko laguntzarekin: Xalbador kolegioaren eraberritzea, Bernat Etxepare Lizeoko eraikuntza eta Ziburuko ikastolaren irekiera. Festa giroan, ikastolen eta euskarazko irakaskuntzaren aldarria berriro ere zabaltzeko baliatu nahi dute gaurko hitzordua Senpereko lakuaren inguruan.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Álava se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

    Más sobre ¡Qué mundo!

    ir a ¡Qué mundo! »

    • Avda. Gasteiz 22 bis 1ª Oficina 13 Vitoria - Gasteiz
    • Tel 945 163 100, Fax Administración 945 154 344, Fax Redacción 945 154 346

    • Oficina Comercial: Calle Portal del Rey 24 (Esquina calle Paz), Tel 945 201000, oficinacomercial@noticiasdealava.eus