Diario de AlavaDiario de Noticias de Alava. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Alava

Hego Lapurdiko euskararen hiztegia aurkeztuko dute

Sarako Idazleen Biltzarraren aurtengo edizioan izango da, apirilak 1 eta 2an ospatuko dena

Franck Dolosor - Jueves, 22 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:04h

Sarako Idazleen Biltzarraren hogeita hamabosgarren edizioaren aurkezpena, Baionan.

Sarako Idazleen Biltzarraren hogeita hamabosgarren edizioaren aurkezpena, Baionan. (Argazkia: F. Dolosor)

Galería Noticia

Sarako Idazleen Biltzarraren hogeita hamabosgarren edizioaren aurkezpena, Baionan.

baiona- “Saran astia” dio esaera zaharrak, gauzak egiteko denbora dagoela alegia. Dena den, Saran dena prest dute jadanik Idazleen Biltzarraren hogeita hamabosgarren edizioa ospatzeko datozen apirilak 1 eta 2an, igandean arratsaldeko hiruretan hasita eta pazko astelehenez egun osoan. Durangoko Azokaren ahizpa txikia deitzen dioten hitzordu horretan aukera dago euskarazko idazleekin edo Euskal Herriari buruz erdaraz idazten dutenekin zuzenean hitz egiteko Sarako kiroldegian.

Berrikuntzak Uzta berria aurkezteko erabiltzen dute askok Sarako hitzordua eta berrikuntzen horien artean dago, adibidez, Koldo Zuazo hizkuntzalari eibartarrak Saran bertan bost urtez landu duen hiztegia. 2013an Larrun mendi magalera joan zen gipuzkoarra bertako euskara jasotzeko asmoz. Bost urtez adin askotako eta lanbide desberdinak dauzkaten laguntzaile askoren ekarpenak bildu ditu Zuazok eta hiztegian lau mila eta berrehun hitz baino gehiago sailkatu ditu. “Hegoaldean mota horretako lauzpabost lan daude eta Iparraldean lehena da” zioen Zuazok Baionako euskal museoan egindako aurkezpenean. Gipuzkoarrak gogoratu zuen Sarak asko eman ziola euskarari hamazazpigarren mendean literatura klasikoaren zenbait idazle bertakoak zirelako. Zuazoren ustez gaur egun ere Larrun aldeko herrixkak asko eman diezaioke euskarari.

Sarako idazleen biltzarrean gogoan izango dituzte duela gutxi hil diren hiru euskaltzale: Jean Michel Larrasquet irakaslea, Jean Nesprias dantzaria eta Joxean Ar-tze olerkaria, azken hau maiz ager-tzen zen Lapurdiko literatura azokan. Aurtengo “Biltzar” sariak Jean Claude Larronde Baionako historialaria eta Auxtin Zamora olerkari senpertarrari emanen dizkiete. Lehenari eskertu nahi diote Euskal Herriko historiaren dibulgazioa egin izana denbora luzean. Larronden arabera, ezinbestekoa da historia ongi ezagutzea iraganeko akatsak ez errepikatzeko etorkizunean. Bere aldetik, Auxtin Zamorak uste du urteetan Hatsa olerkari taldean egindako lana eskertu nahi izan diotela. Zamoraren hitzetan emango dioten saria Hatsa ekimenean idazten duten olerkari guztiei zuzentzen zaie.

Bi egunez topaketak, mintzaldiak eta mota guztietako aurkezpenak egingo dituzte Saran. Eneko Bidegain kazetari eta irakasleak Euskal Herriaren lurraldetasunari buruzko gogoeta plazaratuko du Pamiela argitaletxearen eskutik. Bere aldetik, Xabier Elosegi ikertzaileak Senpereko euskara hamazortzigarren mendean nolakoa zen erakutsiko du. Ttotte Etxebeste urruñarrak lehen poesia lana agertuko du: Ezin erranezko hitzak (Maiatz). Herria, bizia, borroka, amodioa eta askatasuna bezalako gaiak jorratu ditu lapurtarrak bere lehen liburuan.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Álava se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

Más sobre ¡Qué mundo!

ir a ¡Qué mundo! »

  • Avda. Gasteiz 22 bis 1ª Oficina 13 Vitoria - Gasteiz
  • Tel 945 163 100, Fax Administración 945 154 344, Fax Redacción 945 154 346

  • Oficina Comercial: Calle Portal del Rey 24 (Esquina calle Paz), Tel 945 201000, oficinacomercial@noticiasdealava.eus