Diario de AlavaDiario de Noticias de Alava. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Alava

Ideia bat paragrafo bakoitzean

Por Helios del Santo. eta Jon Sanchez - Miércoles, 19 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Euskaltegian ibilitakoei ezaguna egingo zaie esaldi hori, ziurrenik. AEK-ko ikasleentzat esaldirik entzunena izango da: urrezko arautzat har daiteke idazlan koherente eta kohesionatuak egiteko. Baina kontuz: paragrafo bakoitzean ideia bat garatuta ere, idazlanak osotasuna izan behar du, batasuna.

20. KORRIKA eta idazlan bat aldean jarriz gero, antzekotasunak aurki daitezke: ideia bat kilometro bakoitzean. KORRIKAk zenbait ideia ipini ditu mahai gainean, eta idazlan koherente eta kohesionatua osatu dugu guztion artean. Puntu eta jarrai, batzuetan;puntu eta paragrafo berrira, beste zenbaitetan.

“Euskara denontzat doan” izan da ideia horietako bat: euskara ikastea eskubidetzat jotzen du AEK-k, eta helduen irakaskuntzan ari diren beste euskaltegiekin batera kanpaina abiatu du KORRIKAn, Kontseiluaren bitartez. Euskara ikasten ari diren helduen ahalegin ekonomikoa arintzeko helburua du kanpainak, eta jarraipena izango du aurrerantzean ere. Puntu eta jarrai, beraz.

Euskal Herriko hiriburuetako alkateak korrika ikusi genituen Otxandion, aurrekaririk gabeko kilometroan: ideologia eta kolore ezberdinetako alkateak euskararen lekukoari heltzen, eskuz esku, euskararen aldeko ekimen handienean. Izan dadila puntu eta paragrafo berrira, baina izan dadila, halaber, idazlan koherente baten parte.

Berrikuntza izan ez bada ere, kolore guztietako (ia) alderdi politiko guztiak ikusi ditugu zenbait kilometrotan: oker dabil “Euskarak batzen gaitu” leloa gutxi batzuena dela uste duena. Kohesioa izan da nagusi kilometro horietan, baina koherentzia ere eskatu beharko diegu alderdi horiei guztiei;bestela, ez baitugu idazlan komunikatiborik osatuko. Paragrafo batean ideia bat adierazten denean, ez da onargarria hurrengo paragrafoan aurkakoa egitea: idazlanak batasuna eta indarra galduko ditu.

Idazlanak, baina, tesia behar du: ideia nagusia, adierazten denaren ardatza. Elkarlana da KORRIKAren tesia, eta horixe islatu zen Santiago zubian: euskalgintzako eragileak eta euskararen lurralde osoko erakundeak elkarrekin, euskara normalizatzeko bidea adieraziz. Kilometro partekatua izan zen, bidea partekatzeko. Bidasoaren bi ertzak lotzen dituen zubian, beste behin ere agerian geratu zen herri oso baten borondatea.

Idazlanetan, puntuazioa ere zaindu behar da. Areago, maiz oso kontuan hartzen ez bada ere, osagai garrantzitsuenetakoa da: puntuazio-zeinuek esanahia aldatu ere egin dezakete. Uste baino indar handiagoa dute, beraz. Herritarrak dira KORRIKAren puntuazio-ikurrak: Mendigorriako Pakita, bere 90 urteekin, Legazpin lekukoa pasatzeko gurpildun aulkitik altxatu zen emakumea, jaioberriak, nerabeak, eskoletatik txaloka ari ziren umeak, kilometro mordoa egiteko sasoia duten gazteak, gurasoak... Ezinbestekoak dira horiek guztiak idazlan txukuna egiteko.

Gramatikalki, akatsak onartzen dira, mailaren arabera, baina horiek denborarekin konpon daitezke. Ez etsi, beraz, gramatika-arauak ez baitira menperaezinak. Geuk ere prestutasuna adierazi nahi dugu geure gramatika-akatsak konpontzeko. Saiatuko gara 21. KORRIKAn halakorik ez egiten.

Ez dugu kexa-gutun gehiago idatzi nahi, iritzi-artikuluen zaleago gara. Egin dezagun aurrera, idazlan koherente eta kohesionatu honetan, bere puntuazio-ikur guztiekin, gramatikalki gero eta zuzenago eta, batez ere, asma dezagun amaiera on bat ematen, idazlana biribiltzeko: jar dezagun euskara atzeraezinezko normalizatze bidean behingoz. Egin dezagun testu bizi, aberats, labur eta zuzena.

Puntu eta jarrai.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Álava se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

Más sobre ¡Qué mundo!

ir a ¡Qué mundo! »

  • Avda. Gasteiz 22 bis 1ª Oficina 13 Vitoria - Gasteiz
  • Tel 945 163 100, Fax Administración 945 154 344, Fax Redacción 945 154 346

  • Oficina Comercial: Calle Portal del Rey 24 (Esquina calle Paz), Tel 945 201000, oficinacomercial@noticiasdealava.eus